Jon Arretxe

Nacido en Basauri y residente en Arbizu, es doctor en Filología Vasca, licenciado en Educación Física y ha estudiado Canto y Piano.

Este polifacético autor, que publica tanto en euskera como en castellano, tiene la creación literaria por oficio, pero también ofrece conferencias sobre sus libros y viajes, y además canta ópera.

Entre su treintena de obras, destacan la literatura de viaje, la literatura infantil y la novela negra. A este género pertenece la serie del investigador Touré, el detective-vidente africano, sin papeles, residente en el barrio de San Francisco. La serie, que comienza con 19 Cámaras, ya tiene seis títulos.

GAU IREKIA


Duela hamar urte hasi nintzen San Frantziskon muturrak sartzen. Dokumentazioa behar nuen hemen kokatu nahi nituen nobela beltzetarako, eta jende pilo batek zera esan zidan: “Joan Arturorengana”. Halaxe ezagutu nuen auzoan daukagun tiporik jakintsuena, Arturo Izarzelaia historialaria, idazlea, kultur-ekintzailea… Berari esker Sanfraneko nire nobelak hobeak dira eta beti sentituko naiz zorretan berarekin. Horregatik, Gau Irekia-ren barruko ekintzak aukeratzerakoan goizeko “Auzotik Tour Ibiltaria” berak zuzendu behar zuela enteratu nintzenean ez nuen zalantzarik izan.

Arturok Sanfranen historia laburbildu digu ibilbide magistral baten bidez, haren aldiri izaera, meategien eragin itzela, alderdi sozialistaren sorreran izandako pisua, pobreziaren ondorioak: gaixotasunak, epidemiak, umeen hilkortasun tasa beldurgarria…

Ibilbidea amaitutakoan, Arturok zera esan du, hainbeste berba eginda eztarria oso siku zeukala eta trago bat behar zuela berehala. Gauzak hala, lagun batzuk apuntatu gara jarraian etorri den poteora, Diego Jauregi sanfrantziskotar ekintzaile ospetsua, honen lagun banaezina (Boli txakur atsotua) eta ni neu.

Bilbin hartu ditugu lehenengo tragoak, “Tailor Box”en musikaz gozatu bitartean, eta gero gorantz jarraitu dugu. Mariaren Bihotzeko plazako “Bigarren Eskuko Azoka Txikian” bueltatxo bat eman ondoren Sarean tabernako garagardo berria probatu dugu. Urtarriletik aurrera berriz martxan ipiniko omen da %100ean lokala eta primeran etorriko zaio auzoari, kalitatezko ostalaritza eskaintzeaz aparte sekulako kultur mugimendua eragiten baitu.

Ordua ikusita, Diegok jatetxe afrikar baten bazkaltzea proposatu digu eta, Arturo lar konforme egon ez arren, handienerantz abiatu gara, baina, ustekabea, itxi omen dute! Bigarrenerantz jo dugu, Bailenekorantz, Arturoren marmarrak handiagotzen zirela, baina hau txikiegia da, hiru mahaitxo baino ez baitauzka, Arturok hainbatgarrenez errepikatu du berak ardoarekin bazkaldu nahi duela, jatetxe afrikarrek horrelakorik ez daukatela eta, azkenean, konbentzitu gaitu Berebar-era joateko. Aouitak lekutxoa egin digu txoko baten eta primerako jakiak atera dizkigu: humusa, entsalada, kuskusa, bildotsa… Errioxako ardo beltzaz lagunduta, jakina. Eta, dena perfektua izateko, alboko mahaian Sanfran Koru-ko kideak suertatu zaizkigu eta jatordua alaitu digute euren kantuekin.

Bazkaldutakoan auzoko jakintsuak alde egin behar izan du, Diegok esan dit Boli zaharrak –hamasei urte jada- siesta egin behar zuela eta bakarrik geratu naiz Gau Irekiko zirkuituan jarraitzeko.

Chicote-n kafea hartuz egitaraua errepasatu eta gogora etorri zait eguerdian Tito Borja ijito dandyak luzatutako gonbita: “La Fiesta” pelikularen aurkezpena berak zuzentzen duen Nevipen-en. Hara joan naiz, bada, lokalean alfonbra gorri bat zapalduz sartu eta dokumental sinpatiko bat ikusi dugu eskaini dizkiguten palomitak irensteaz batera.

Beste ekintza bat fosforitoz azpimarratuta neukan, “Swing Ikastaroa”, eta Kultur Etxe-rantz jo dut astirik galdu gabe. Sekulako giroarekin egin dut topo, lokala jendez lepo, denak gogotsu dantza-pausoak ikasteko Helena irakasle alai eta gatzdunaren gidaritzapean… Ia-ia ni ere kutsatu naiz giro martxosoaz. “Ia” diot, ze, ezin dut saihetsi, euskal gizon tradizionala naiz eta zera hobetsi dut: ezker ukondoa barran ezarri, eskuin eskuaz garagardoari heldu eta eskuin oina baino ez jartzea dantzan.

Gero auzoaren goiko alderantz itzuli naiz eta, Martzana taberna aurreko jendetzaren artean igaro ondoren, Crea-n sartu naiz “La Mome Piaf” antzerki laburra ikusteko.

Ezinbestekoa zitzaidan Askabide-k Gorte kalean duen lokal berriztatua ere bisitatzea, ordu mordoa eman baitut toki horretan azken urteotan, elkarteko bolondresekin eta bisitan etortzen zitzaizkigun prostitutekin solasean, haien kezkak eta ilusioak entzunez kafe baten inguruan. Gau Irekirako “Argazki Erakusketa eta Dastaketa Afrikarra” antolatu dute eta proiektu berria aurkezteko aprobetxatu dute: Afrikako diseinu tradizionalak erabiliz arropak eta apaingarriak egin eta saltzea, beti ere emakume horiei laguntzeko helburuaz. Lepoko eder bat erosi eta zorterik onena opatu diet.

Gorte kalean apur bat gorago “Leiendak eta Tearen Zeremonia” zegoen antolatuta eta ez naiz damutu hor sartzeagatik, oso atsegina izan baita, menda-te probatzeaz gain, emakume marokoar antolatzaileen ahotik Jin jeinuen ipuinak eta bestelako kontakizunak entzutea.

San Frantzisko kalera itzuli eta udaltzain mordoa jo dut begiz, eta pixka bat gorago emakume bat balkoian akordeoia jotzen mozorroturik, eta gero sikh erraldoi bat auto batetik irteten, eta azkenik Fleming aldera iritsi naiz, nire hurrengo helburua hango “Afrikar Perkusio eta Dantza” ikustea baitzen.

Plazan auzoko beste jakintsu bat elkartu zait, Edu Arnaiz liburu-saltzaile eta filosofoa, eta perkusio apur bat entzun ondoren Mariaren Bihotzeko Plazara jo dugu elkarrekin, “Bolivia eta Filipinetako Dantzak” miresteko. Filipinarrik ez dugu inondik ikusi, baina boliviarrak primeran portatu dira. Hauek bukatutakoan Eduk trago bat behar zuela esan dit eta Sareanerantz jo dugu berriro. Sarreran beste pertsona ezinbesteko bat topatu dugu, Patxi Manrike, Munduko Arroz-en eta auzoko Koordinadora-ren arimetako bat. “Auzoa Hobetzeko Desiren Arbola” muntaturik zeukan eta guri ere zerbait idazteko eskatu digu. “Kolore Guztiak” desira eseki dut nik.

Biok nekaturik egon arren, Edu berriz Flemingeraino laguntzeko konbentzitu dut, “Kamerungo Ahotsak” kontzertua ez bainuen galdu nahi. Bidean polizia gehiago ikusi ditugu, oraingoan zakurtzar eta guzti. Lortu dute, auzotar batzuen presioari men eginez, Maiatzaren 2ko bidegurutzean egoten diren magrebtar gazte arriskutsuak uxatzea. Orain koadrila hori berrogei metro goragoko beste bidegurutze baten dago.

Gau Irekia biribiltzeko bikaina izan da kamerundarren kontzertua, kolore guztietako ikuslez betea, jendeak dantza egiten zuela erritmo biziei jarraituz, batzuk ia trantzean jarri arte. Nik neuk ere, ukondoa ezartzeko barrarik ezean, hanka biei eragin diet aldika, ezin sinetsi!

Pot eginda nengoen hamabi ordu hara eta hona pasatu ondoren eta Eduk bere etxean lo egiteko egin didan eskaintza primeran etorri zait. Tetuan-en kebaba erosi eta etxeko egongelan dastatu dugu, San Frantziskoren etorkizunaz hipotesiak planteatzen genituen bitartean.

Ondorio argi bakar batera heldu gara: hurrengo urtean ere beste Gau Ireki bat antolatzen bada gu hortxe egongo garela.

Jon Arretxe

NEWSLETTER

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookiesMás información

ACEPTAR
Aviso de cookies